jueves, 26 de febrero de 2009

ME, MYSELF AND I: 我学习汉语

Txinatar hauen alfabetoa kuriosoa da benetan.

martes, 24 de febrero de 2009

FREAKY FESTA: Totonko, Kirai & Feed Readers

Ordenagailu aurrean jartzen naizen bakoitzean hiru webgune bisitatzen ditut lehendabizi:
  1. Gmail
  2. Hotmail
  3. Google Reader

Askorentzako gune ezezaguna da azkeneko hau, baina ezinbesteko tresna bilakatu da nire egunerokotasunean. Modu errezean azaltzen saiatuko naiz.

Demagun, pertsona batek 10 gune (blog, fotolog, egunkari...) bisitatzen dituela egunero. Ordenagailua pizten duen bakoitzean 10 webgune horietatik pasatzen da berritasunik dagoen ikusteko, eta gehienetan ezer aldatu ez dela ohartzen da.

Google Reader-ek, gune guzti horietako albiste, post, edo dena delakoak jasotzen ditu, eta berritasunik dagoenean inongo konplikaziorik gabe azaltzen dizkizu.

Denbora asko aurrezten da horrela, eta 10 blogetako informazioa jasotzetik egunean 100 blog bisitatzera iritsi zaitezke.

Badira beste alternatiba batzuk ordenagailuan instalatzeko (feed reader), eta sistema eragile batzuk eta nabigatzaile batzuk integraturik dakarte baita ere, baina cloud computing-a erreferentzi den mundu batean tresna hau iruditzen zait erabilgarriena.

Nik bisitatzen ditudan blog interesgarri batzuk:

lunes, 23 de febrero de 2009

COWS: 3.atala: Baserritik kanpo

Larunbat goiz hartan, Brauliok, Prantxixka bere Range Rover grisaren atzeko partean sartu zuen. Goiz osoa igaro zuen lan honetan, Prantxixkaren gorpua arrastaka eramanez.

Bazkalostean, "Fabada Litoral" platerkada on bat irentsi eta gero, Range Roverreko giltzari eragin eta baserriko pistan behera abiatu ziren. Prantxixka zorteko izan zen egun hartan, burua hainbat lasto-zakuren gainean geratu zitzaion eta inguruko paisaiak ikusteko aukera izan zuen, bizitzan aurreneko aldiz ikusten ari zen zelai berde, erreka eta mendi haiek. Liluraturik zegoen.

Prantxixka konturatu zenerako Range Roverraren gurpilak geldirik zeuden, eta kanpoan Braulioren ahotsa entzuten zen, baina ez zen bakarra. Beste emakume baten ahotsa ere entzuten zen, eta Prantxixkak pentsatzen zuen Romina izan zitekeela, baina ez, honek euskara garbian hitzegiten zuen, eta Rominak sekulako dominikar azentua zeukan.

-Ondo eongo al den?
-Lasai, jende profesionala gara eta badakigu zer egiten gabiltzan.
-Baino ikusiko al diñat berriro?
-Braulio, zure behia esku onetan uzten ari zara eta nahi duzunean etorri ahal izango duzu bisitatzera.
-Ta dirue?
-Esan bezala, joan den astean egin genizun transferentzia zure kontu korrontera, gehiagotan begiratu beharko zenuke.
-Bale, ordun noizbehinka eingo diñat bixitea, baino zeozer txarra gertau zaiola enteratzen banaun...

Prantxixka konfunditurik zegoen. Saldu egin al zuen Brauliok? Zertarako nahiko ote zuen emakume hark Prantxixka?

Atzeko atea ireki zenean, neska gazte bat azaldu zen. Ile beltza eta begi argiak zituen, berdeak edo. Beste bi gizon gerturatu eta prantxixka ohe-moduko tramankulu baten gainean jarri zuten, aurpegi goibela zeukaten, nortasun agiria egiten duten funtzionariek izaten dutena bezalakoa, eta inolako goxotasunik gabe, eraikuntza gris bateko sarrerako atea zeharkatu, korridore luze bat igaro, iskilara batzuk igo eta barrotedun ate baten atzera bota zuten. Argiak itzali, eta alde egin zuten bi gizonek.

Prantxixkak ez zekien zer egin, galdurik zegoen, barroteen artetik ihes egiten saiatu zen, baina bere burua ez zen hain tarte txikitik sartzen, burukadaka atea behera botatzen saiatu zen, baina ezer.

Halako batean, ahots bat entzun zuen, burukadak utzi eta itzuli egin zen.

-Muuuuuuuuuu (Nor da hor?)
-Muuu muuu muuuuuuuu mu (Alperrik zabiltza, ez duzu behera botako. Zu ere preso hartu zaituzte, ezta?)
-Mu, muuuuuu (Zer diozu? Nor zara?)
-Muuuuuu (Zu bezala, noizbait aske izan zen zezen bat naiz, Koxme dut izena)
-Muuu, mu, muuu (Aske? Non nago? Zer egingo didate?)
-Muuuuuuu (Lasai, hasieran gogorra da, baina ohituko zara)
-Muuuu, muuuuu (Ohitu? Zertara?)

Orduan, lehio bateko zirrikitu batetik sartzen zen eguzki izpi batetara hurbildu zen Koxme. Koala bat zen.

ME, MYSELF AND I: Gezur bat mila aldiz

Larunbat hontan entzundakoak eta gero, nere arrarotasuna modu serioago batean planteatzen hasi beharko dut. Zenbat aldiz entzun nituen raro, freaky eta bestelako adjetiboak?

Onena, Iñakiren esaldia: "En este mundo de pederastas, pedofilos, asesinos y demás energumenos, sí, eres raro". Ez nituen barre gutxi egin.

Nire iritzia? Berritxarrak-ek esaten zuen:

Esan gezur bat mila aldiz
errepikatu hitzez hitz
handik gutxira ikusi
egi bihurtzen.



Bestela asteburu polita, karnabalak... betikoa. Argazkiak facebook-en.

domingo, 15 de febrero de 2009

COWS: 2.atala: Braulio

Prantxixkaren haurtzaroa ez zen erraza izan. Ezin zuten haragitarako saldu eta zezen batek baino esne gutxiago ematen zituzten errapeak zituen. Prantxixkak ez zituen bere amak esnea egiteko zeuzkan dohaiak jaso, eta Brauliok, etxeko ugazabak, ez zekien zer egin berarekin.

Braulio 66 urteko gizon osasuntsua zen, txikia baina gihartsua, nahiz eta gihar horiek, urteen poderioz, zimur eta hile artean ezkutatu. Aurpegi gorri-gorria zeukan, eta zainez beterik zeuzkan masailak urteetako txikiteoaren erruz. Diotenez, buruan zakil bat omen zeukan tatuaturik, soldaduskan izandako mozkorraldi batez geroztik. Prantxixkak, dena den, bi arrazoi garbi zituen horrelakorik frogatu ezin izateko.
  1. Braulio eta bere txapel beltza, bat ziren, goizean goiz jaiki eta oheratzerarte, baita dutxan sartzeko orduan ere.
  2. Buruaren pisua zela eta, Prantxixkak ezin izan zuen zutitzen ikasi, alde batetik bestera ibili ohi zen, bere burua arrastaka zeramala. Horregatik ez zuen inoiz Braulio goiko ikuspuntu batetik begiztatzeko aukerarik izan.

Brauliok ez zeukan ez emazterik, ez anai-arrebarik, ez beste edozein familiartekorik ere. Behiengatik eta behientzako bizi zen. Goizean goiz Betizuko marrazki bizidunekin esnatzen zen, behiak jeitzi, esnea edan, harakinarekin hitzegin, albaitariarekin, behiei jaten eman, txikiteatu... Astelehenetik igandera, eguna argitzen zenetik iluntzen zen arte, prozesu bera jarraitzen zuen behin eta berriz.

Astean behin Romina izeneko emakume beltzaran bularhandi bat etortzen zen, Cantinflasena bezalako bibotea zeukan emakume bularhandia. Ukuiluko lastotegira joaten ziren Braulio eta biak, behien aurrean zirriak elkarbanatzera. Hauek, begirada zuzenez ikusten zuten, Prantxixkak lurrera begira jarraitzen zuen, burua altxa ezinda. Bukatutakoan, berez gorriak ziren Braulioren masailak, Rominaren bibotearen igurtziez gehiago gorritu eta gero, etorritako lekutik joaten zen Romina, Brauliok "nire kontuan apuntatu!" ohiukatzen zion bitartean.

Orduan, Prantxixkari begira jartzen zen, eta esaten zion.

-Zer egin behar diñat nik hirekin?

Larunbat goiz batean, ukuiluko ateak ireki ziren, eguzkiaren izpiek behi guztiak esnarazi zituzten, eta Braulioren isla antzeman zitekeen ateko arkuan. Prantxixkarengana hurbildu, eta esan zion...

-Badakit!

ME, MYSELF AND I: San Valentín

San Valentin gaua larunbatean. Mutilzahar on gisa, ospatzeko, sagardotegira.


P.D. Txuleta behi zaharrarena omen da... Jaxinta?

viernes, 13 de febrero de 2009

FREAKY FESTA: Dr. Horrible

Aurkikuntza handia gaurko egunkariko gehigarrian eginikoa. Neil Patrick Harris AKA Barney Stinson-ek eta beste hainbat aktore, zuzendari eta gidoilariek, joan den urtean azken hauen grebak irauten zuen bitartean eginiko telesaila.

Hiru atal besterik ez ditu, musikala da, eta Interneterako soilik kaleratu zen.

Sinopsia: Dr.Horrible munduaren status quo-a aldatu nahi duen gaizkile bat da. Horretarako Gaizkileen Liga Gaiztoan sartu beharra dauka, eta honek froga batzuk gainditzea eskatzen dio. Bidean, bere Penny maitearen bihotza lapurtzen saiatuko da.


Dr. Horrible's Sing-Along Blog - Act I (Spanish Subs) from enriquesanz on Vimeo.


Dr. Horrible's Sing-Along Blog - Act II (Spanish Subs) from enriquesanz on Vimeo.


Dr. Horrible's Sing-Along Blog - Act III (Spanish Subs) from enriquesanz on Vimeo.

lunes, 9 de febrero de 2009

COWS: 1.atala: Prantxixkaren munduratzea


Orain dela pare bat hilabete, Prantxixka azaldu zen gure bizitzetan. Dirudienez, ikusmira handia sortu duen pertsonaia omen da behi hau. Horregatik, eta beti ere bere baimenarekin, biopost periodiko bat argitaratzea erabaki da sekzio berri hontan: COWS.

1.atala: Prantxixkaren munduratzea

Urriko goiz hotz bat zen. Eguzkia, zeruko punturik gorenean zegoen ilargiarekin lerrokatu zenean, Legazpiko Brinkola auzoko zelai bati begira. Zelai hartan, behi bat zegoen, Jaxinta.

Izena nork jarri zion ez da gauza ziurra, baina Brinkolako zokoetan entzun ahal izan denaren arabera, baliteke Latz izeneko zakur baten laguntzaz pasiatzen zen gazte gupidagabe baten errua izatea.

Jaxinta, 15 urteko behi ederra zen, azal marroi eta mutur zurikoa. Espezie berezi bateko behia zen Jaxinta. Mutazio genetiko baten erruz, gainontzeko behiek baino 30 puntu bajuagoko koefiziente intelektuala zeukan. Hala izan zuten bere arbasoek eta hala izango zuten bere oinordekoek ere. Hau da, behi bereziak ziren, atzeratuak.

Baina baziren beste ezaugarri batzuk, espezie hau oraindik bereziago egiten zutenak. Beste behiak baino luzaroago bizi izaten ziren, 45 urte inguru edo, eta ezohiko ezaugarri fisikoak zituzten. 6 hankako txahalen kasuak dokumentatu izan dira, baita bi bihotzekoak ere. Jaxintak, 100 titiburuko errapeak zeuzkan.

Zorionez, ezaugarri fisiko hauek erakargarritasun guztia galduarazten zizkien harakinen begietara, eta 45 urteak osasuntsu betetzea ahalbideratzen zieten. Gainera Jaxintak, Asturias osoak astebetean hainako esne kantitatea emateko ahalmen berezia zeukan egun bakar batean, eta hori noski, haragitan saltzea baino errentagarria atera ohi zen.

Hala ere, Jaxintak ez zituen bere amaren pausuak jarraitzeko aukerarik izan. Urriko goiz hartan gertakari handi eta tamalgarri bat izan zen. Goiz hartan, etorkizuna guztiz hankaz gora jarriko zuen gertakari bat izan zen. Goiz hartan, Prantxixka jaio zen.

Leinu hontako behien haurdunaldia ere ezohikoa zen, eta 350 egun zeramatzan Jaxintak bere oinordekoaren zain. Prantxixkaren ezaugarri fisikoek ordea, bere azken hatsa ematera behartu zuten.

Prantxixkaren burua San Miguel ermitako kanpaiaren tamainakoa zen, eta Jaxinta Brinkolako zelai hartan bertan zendu zen odolhusturik, hankak zabal zabal eginda, errapeak 50 titiburuko bi zati perfektuetan zatiturik. Prantxixkaren patua bakardadearen eskuetan gelditu berri zen.

viernes, 6 de febrero de 2009

FREAKY FESTA: Glinter

Bueno, dagoeneko telebistan eta beste hedabide batzuetan ikusiko zenuten Espainiako GeoVirtual enpresak kaleratutako azken proiektua, Glinter.

Gauza da, telebistan esandakoaren arabera, Google Earth-i konpetentzia egingo dion proiektu bat omen da, eta bideo hontan ikusten denaren arabera, inor ez da hortaz harrituko.


Guía Turismo España 3D / Short Version from geovirtual on Vimeo..


Beste edozein frikik izango lukeen kuriositate puntu berarekin heldu nion beraz proiektuaren azken bertsioa jaisteari, Legazpiko orografia hain detailatua egongo ote zen zalantza argitzeko asmoz.

Ondorioa? Euskal Herriko mapa pantaila osoan ikusten zenerako, nik eskuz eginiko mapa baten definizio bera zeukan. Hau da, ez zen ezer bereizten.


Fenomeno hau, bi arrazoirengatik izan daiteke:
  1. Euskal Herria, frikipediak azaltzen duen bezala, Estatu Batuen base sekretu bat besterik ez da, eta lurraren inguruan dabiltzan sateliteek bere irudiak baneatzen dituzte.
  2. Proiektuak ez du ezer balio.

Zorionez, irakurtzen jarraitu nuen, eta GeoVirtual-ek argitzen duenez, Glinter, alpha bertsioan (prototipoa) dago oraindik, beraz hobekuntzak kaleratzen joango omen dira, Apirilean kaleratzeko asmoz. Bitartean, Google Earth.

Hala ere, aplikazio kurioso bat dauka Glinter honek, Lurra ikusten duzun momentuan, atzean Eguzkia ere ikus daiteke, eta diotenez, Marte eta Ilargia ere bai.

Dagoeneko ostirala!!!

lunes, 2 de febrero de 2009

ME, MYSELF AND I: Zaijian Arrasate, Ni hao Bilbo

Ni hao!

Oker ez banago, urtea hasi bezain laster, urte berrirako neuzkan helburuen inguruko sarrera bat idatzi nuen. Helburu horietako bat, blog hau erritmo berarekin eguneratzen jarraitzea zen, eta egia esan, azken egun hauetan ez dut hori gauzatzeko parada handiegirik izan, baina badu justifikaziorik.

Askok jakingo duzuen bezala, Mordor, AKA Arrasate, atzean utzi dut azkenik, eta beste etapa berri bat hasi dut Bilbon. Oraindik pisu bila nabil, ez dut nire neurriko ezer aurkitu, eta egunero joan-etorri egiten dut Legazpira.

Esan genezake dezenteko zortea izan dudala lanarekin. Proiektua Serikat enpresan gauzaten ari naiz, Moyua plazan, eta Metaposta nola gorpuzten den ikusten hasia naiz honezkero.



Baina ez naiz honen inguruan gehiago luzatuko, izango dut Bilbori buruz hitzegiteko denborarik. Gaur, Albisu, AKA Jesukristoninbidieematenditenputasemea, honezkero Ekialdeko lurretan izango da, egunen batean nire neskalagun izango den neskatila txinatar baten bila.

Euskal Herrian geratu behar izan garenok noski, prozesu hortan parte hartu ahal izateko, ikerkuntza dokumental sakon bat burutzen hasi gara. Asmoa, tesi soziologiko bat burutzea da: "Ekialdetarren integrazio fisiko nahiz soziologikoa Euskal Herritarrengan".

Aurreneko pausua noski, txinatar hizkuntzan barneratzea. Bi aste daramatzat klaseetara joaten, eta honezkero menperatu ditut edozein hizkuntzen oinarri diren hitzak: "Neska polita zara"=="Ni gui nu piao liang".

Prozesuaren hurrengo pausua Shangaira egin beharreko bisitaldia izango da. Hopefully, datorren udan.

Proiektu honen berri ematen jarraituko dut, aurrerapenak azaleratu bezain laster.

Ondo segi!

Zaijian!