miércoles 23 de diciembre de 2009

BLOG ADMINISTRATION: Prantxixkaren bidaiak

Honezkero urtebete baina gehiago bada Prantxixkaren bidaiak hasi zirenetik, eta makina bat argazki ateratzeko aukera izan du denbora guzti hontan zehar. Hemen adibide batzuk.

Bihar abiatuko gara Tailandiara gabonak pasatzera. Gabon zoriontsuak igaro eta urte berri on!

lunes 14 de diciembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Baba

Gaur post azkar bat. Rishikesh-eko bidaian ezagutu genuen Baba-ren inguruan...

jueves 10 de diciembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Jaipur eta abar...

Azkenaldian utzi xamarra izan dut bloga, badakit. Barkatu.

Hasteko azkeneko bi asteen laburpen txiki bat egingo dut. Orain dela bi asteburu Jaipur-era joan ginen, Rajasthango kapitala eta bertan egingo ditugun bisitaldietan aurrenekoa. "Hiri arroxa", hala deitzen diote guztia arroxa kolorez pintatua dagoelako, XVII. mendean eraiki zen, eta gaur egun Delhiko hiruki turistiko famatuko zati bat da Agra eta Delhi berarekin batera.

XX. mende hasieran Galesko printzeak bisitatu zuenetik 4 urtean behin berpintatzen dute hiria arroxa kolorez. Aitortu zigutenez, laister tokatzen omen zaio "azala berritzea", eta guk bisitatu genuenerako arroxa kolore hura marroi xamarra bihurtua zegoen egia esan.

Ez da hiri itsusia, TURISTIKOEGIA agian. Lepora salto egiten duten dendariz beterik dago guztia, eta hemen ez du balio euskeraz hitzegiteak ezulertuarena eginez, baten batek esaldi batzuk ere bota zizkigun eta. Rishikesh, Kashmir eta Goa bisitatu eta gero zer esatea nahi duzue? Flojo xamarra. Eraikin ederrak baina esplotatuegiak. Eta batez ere atzerritar gehiegi, eta hori azaroan geundela.

Jaipur-era datorrenak derrigor bisitatu beharreko eraikin bat Hawa Mahal da, haizeeen jauregia. Gauza da, Jaipur-eko maraha-k XVII. mendean jauregi hau eraikitzea agindu zuela bere harenarentzat. Hala, 953 lehio txiki eraiki ziren, bertako emakumeek kaleko giroa ikus zezaten, baina kalekoek emakumeak ikusi ez zezaten.

Asteburu hau berriz Delhin igaro dut. Lagunek zubia zeukaten eta Sri Lankara joan ziren, baina gure ofizinak jairik ez geneukanez... Ba Delhin geratu naiz. Egia esan ez da horrelako plan txarra ere izan, gabonetarako txapel beltz bat lortu nuen 200 rupiaren truke (3€) eta aspaldiko partez juerga txiki bat egiteko aprobetxatu nuen.

Ea igande hontan Bertsolari txapelketako finala ikusteko aukera daukadan internet bidez. Igandean laneko bisita bat Taj Mahal-era eraman beharra daukat, baina uste dut arratsaldeko saiorako iritsiko garela.

Eta azkenik kuriositate bezala, hemengo lagun batek joan den astean "aragoneses por el mundo" irratsaioan eginiko agerraldi bat. Datu bat, egunon "suprabhat" esaten da, eta Indian nagoenetik Namaste pare bat aldiz besterik ez dut entzun. Jeje. Gainontzekoarekin ados.

martes 24 de noviembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Goa

Goa leku interesgarria da. Indiak 1947an lortu zuen independentzia, baina Goak, kolonia portugaldarra, ez zuen Indiarekin 1961. urterarte bat egin. Eta bertako lurrak zapaldu dituenak ulertuko du zergatik. Bertako hondartzak India osoko ederrenetakoak dira, eta egunak ia urte osoan zehar dira eguzkitsuak, monzoi garaian izan ezik noski.

Garbi dago hau ez dela herrialde bat kolonizatzeko aitzakia. Egia esan portugaldarrek ez zuten lur hau bere hondartzengatik mantendu nahi, bertako espezieen garraioagatik baizik.

Gauza da, 60. hamarkadan, Indian bateratu ondoren, Goa osoa hippiez josi zela, Rishikesh-en gertatu zenaren antzera, eta gaur egun oraindik hippie kutsu hori badaukala, nahiz eta turismo kapitalistak Goako inguru asko irentsiak izan.

Eta hantxe abiatu ginen zazpiko koadrila, Goako gutxien esplotaturiko aldera, Palolem-era, eta hondartzan bertan hartu genuen txabola moduko "hut"bat (500rs/gaua). Ez genuen probetsuzko gauza askorik egin egia esan, hondartzan paseatu, eguzkia hartu, masajeak... Baina bertako tiburoiak daztatzeko aukera izan genuen, eta egia esan espero genuena baino askoz zapore hobearekin topo egin genuen.

Festa ere ez da falta Goa-n. Nahiz eta alderik lasaienetako batean egon, estatu katolikoa denez (Portugaldarren herentzia), badira festarako aukerak, eta hara joan ginen "Silent noise" izeneko diskoteka batetara. 400rs ordaindu eta botoidun kasko batzuk ematen zizkizuten. Botoiak DJ desberdinak aukeratzeko ziren, eta hiru DJ desberdin entzun zenitzakeen, baina kaskoak erantziz gero dena isil isilik zegoen.

Igandean berriz Old Goa-ra abiatu ginen, eta Indiara etorri nintzenean "egin beharreko"-etako bat egin nuen, San Francisco Javier-en momia ikusi, euskalduna eta Nafarroako patroia.

San Francisco Javier 1542an iritsi zen Goa-ra Portugalgo erregeak bidalita, eta bertan eman zituen bere bizitzako urterik garrantzitsuenak misiolari gisa. 1952an hil zen Txinako Santxon uhartean, eta bertan hilobiratu zuten. Hala ere, Indiarrek bere gorpua berriz "etxeratu" nahi zuten, eta bere bila joan ziren hiru urte igaro eta gero. Beraien harridurarako, gorpuak ez zuen inolako ustelketarik jasan, eta miraritzat jo zuten. Gaur egun, gorpua Old Goako basilikan dago ikusgai 4 metro inguruko erretailu batean, eta 10 urtean behin jesten dute lurrera edonork gertutik ikus dezan. Argazkian ondo antzematen ez den arren, goikaldeko argi txikiak San Francisco Javierren burua ikusten uzten du.

Bidaia bertan amaitu zen, baina bueltatzeko intentzio garbia azaldu genuen guztiok, beraz ez da azkeneko bisita izango. Oraingoz Delhin jarraituko dugu hurrengo geltokiaren zain.

martes 17 de noviembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Delhi, Goa, gabonak eta bestelakoak.

Bi aste daramatzat ia ezeren berririk eman gabe, baina egia esan ez da aparteko ezer gertatu hemen. Aparteko ezer diot, Delhiko egunerokotasunean noski, hau da, munduko beste edozein txokotan esperientzia guztiz subrealista-friki-psikodelikoa izango litzatekena.

Goarako egunak zenbatzen geundela bidaiatzeko beste bi asteburuk alde egin digute, eta Delhiren barrenak hobe ezagutzeko balio izan digu. Ohiko turismoaz gain, festak eta bestelako gertakari sozialetan parte hartu dugu.

Kuriosoa, gutxienez, asteburu hontan bizi izandako kontrasteak. Larunbat osoa Old Delhin igaro genuen, ehundaka jendez inguraturik, zikin eta txirotasun gordinenaz inguraturik, eta igandean berriz, Delhiko "jet set"-arekin bildu ginen "Garden of the 5 senses" delakoan kontzertu batzuk ikusten. Indian denetik ikusten da, pobrezia, aberastasuna... Baina garbi dago gutxiengo batek edozer lortzeko gaitasuna daukala (gu barne). Kontzertuak (musika elektroniko eta indioaren arteko fusioa) ikusten zeudenak atzerrian ikasitakoak ziren zalantzarik gabe, ingeles garbia hitzegiten zuten, eta 250 rupiako (3,5€) garagardoak edaten zitzaketen behin eta berriz.

Hala ere, aitortu beharra daukat, Indiako errealitatearen egunerokotasunetik irtetzeko modu ezinhobea dela, eta pare bat orduz besterik ez bada ere, indiarren artean atzerritar ez sentitzeak, sarrerarengatik ordaindu genituen 750 rupiak (12€) justifikatzeko balio du.

Adibiderako Frof Fest-en harritu gintuen taldeetako bat (Midival Punditz):


Eta gabonei dagokienez... Ba azkenean, askok honezkero dakizuen bezala, ez naiz etxera itzuliko. Horren ordez, Bangkok-erako hegaldia erreserbatu dugu 25 eguerdirako, eta gabonzahar gaua bertan igaroko dugu. Kontatuko dizuet nolakoa den esperientzia. Bitartean Indiaz disfrutatzen jarraituko dugu, asteburu hontan bai, asteburu hontan Goara goaz!!!!

martes 3 de noviembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Srinagar, Sonamarg & Pampore

Eta osorik itzuli ginen Srinagar-etik, nahiz eta hortarako 8 segurtasun kontrol inguru igaro behar izan genituen hegazkina hartu aurretik, eta hala eta guztiz ere, irudipena daukat hegazkinean bonba bat sartzeko gai izango nitzatekela.

Azkeneko sarreran aipaturiko goitizen guztiak ez dabiltza bide okerretik Kashmir deskribatzerako orduan. Ez dakit munduko lekurik ederrena izango den, baina hala izateko hamaika arrazoi bururatzen zaizkit.

Larunbat goizean abiatu ginen Srinagar aldera, eta hasiera batean bertako militar dentsitateak beldur antzerako bat sorrarazi arren, Dal lakura iritsi bezain laister desagertu zitzaizkigun gure kezka guztiak. Shikara batean lakua gurutzatu ondoren, laku erdian geldirik zegoen Tehran izeneko Houseboat bat alokatu genuen, 70 urte inguruko agure baten esku zegoena, eta Monzoor izan zen gure zerbitzari hurrengo 3 egunetarako.

Larunbatean lorategi mogolak ikusi genituen, eta mezkita bat edo beste, baina goiz etxeratu ginen hurrengo egunak zekarrena kontuan harturik. Afari kashmirtarra eman ziguten (ederra benetan!), eta ohera.

Srinagar ingurua Musulmanen eskutan dago, eta gehiengo handi bat musulmana da, bere ondorio guztiekin, onak(gehienak) eta txarrak. Izan ere, goizero, 5ak inguruan, lakuko mezkitako hotsek esnarazten gintuzten, horduko erreguetarako. Ez zen gaitz haundia izan ordea, goizeko 6:30etan merkatu flotantea ikustera joan nahi genuen eta. Merkatua ikusi eta Houseboat-ean gosaldu ondoren, Sonamarg ingurura joan ginen, himalayaren magalean, ponian igo eta bertako glaziarrak ikustera.

Sekula ez nintzen horrelako leku altu batean izan (4500m), eta egia esan, poniak utzi eta goruntz beste 200m igotzen saiatu ginenean, inoiz ez bezelako nekea somatzen nuen oxigeno faltagatik. Baina goraino iritsi ginenean pena merezi izan zuela garbi geratu zen.

Urri eta azaroko hilabeteak azafrana loratzen den garaia dira. Kashmir-go azafrana munduko famatuenetakoa da, eta gramo bakarragatik 350 rupia (5€ inguru) ordaintzen dira(azafran zelaietan, tartekaririk gabe). Igande goizean zelai horietara joan ginen, bertakoek azafrana nola jasotzen zuten ikustera, eta aipatu beharra daukat sekula baino arrotzago sentitu nintzela momentu hartan. Guztiek, 200 bat lagunek, beraien lana alde batera utzi eta guri begira jarri ziren, mamu bat ikusi izan balute bezala, baliteke askorentzat okzidental bat ikusten zuten lehendabiziko aldia izatea.

Izan ere, houseboat-aren jabeak aipatu bezala, gaur egun ez da turista asko ikusten inguru horietan, eta hori oso gogorra da orain dela 20 urte diru iturri handiena turismoan zeukan herrialde batentzat, nahiz eta garai latzagoak igaro izan dituztela aitortu zigun. Bere esanetan, 1995-eko bahiketen ondoren 8 urte pasa omen zituen inongo atzerritarrik ikusi gabe, ezta bat ere. Hala ere, orain bi aste Srinagar granadekin eraso zutela ere aitortu zigun, beraz ez dakit gauzak diruditen bezai lasai ote dauden.

Gatazkei buruz ezin dezaket iritzirik eman. Badirudi orain Indiako gobernuak laguntza handiagoa eskaintzen diela Kashmir-go hiritarrei, eta azken hauentzat erlijioa garrantzitsua den arren, goseak pisu handiagoa du, beraz Indiako gobernuaren alde egiten hasi direla esango nuke. Hala ere, bazirudien bertako hiritarrek ez zutela rol konkreturik gatazka hartan, Pakistan eta Indiaren arteko zerbait zela soilik, eta Kashmiritarrak tartean zebiltzan pelele txotxongilo batzuk besterik ez.

Laburbilduz, bidai ikaragarria, edonori gomendatuko nioken esperientzia, eta esanak esan, beste edozein hiriburu eurupearretan baino segurtasun falta handiagorik sentitu ez nuen leku bat.

jueves 29 de octubre de 2009

ME, MYSELF AND I: Kashmir

Azkenean ezin izan genuen Jodhpur-era joan. Berriz ere bueltako trenerako tiketekin arazoak eduki genituen eta Delhin gelditu beharra izan genuen. zer egingo diogu ba... Ez zen beste munduko asteburua izan, balekoa esango nuke, larunbatean festa eta ezer gutxi gehiago.

Baina gure bidaiatzeko gogoak ez direnez bertan behera geratu oraindik, beste bi bidaientzako hegazkin bileteak erosi ditugu datozen asteetarako, bata Kashmir-era, eta beste Goa-ra.

Asteburu hontan, berriz ere, astelehena jai da. Norbaitek pentsatuko du hemen lan gutxi egiten dela, baina egia esan hemengo urria euskal herriko abendua bezalakoa da, hau da, ospakizun guztian pilatu egiten dira. Baina lasai, hemendik aurrera opor gutxi izango ditugu eta. Astelehen hontan Nanak-en urtebetetzea da, Sij-en lehendabiziko gurua izan zena.

Beraz, aspaldi bisitatu nahi nuen leku batetara joango gara, ni eta beste 4 lagun, Srinagar-era hain zuzen. Srinagar Kashmir-go hiriburua da udan (Jammu neguan), eta jakingo duzuen bezala musulman eta indiarren arteko gatazka ugariren eszenatoki izan da azken 20 urteotan. Zorionez, azken urteetan badirudi gauzak pixka bat baretu direla, eta ez direla lehen bezain beste atentatu eta tiroketa egoten, nahiz eta oraindik mundu osoko administrazioek bertara ez joatea gomendatu. Gainera Indiako lehen ministroa bertan omen dabil azken egunotan, beraz arrisku maila pixka bat igo egin den heinean, militarrez josirik egongo da. Datorren astean berriz hemen idazten badut, osorik itzuli naizen seinale.

Baina guztia ez da txarra Kashmir-en, guztiz kontrakoa esango nuke. Bertara bidaiatu dutenek munduko lekurik ederrenetakotzat jotzen dute, eta hainbat goitizenez deskribatu didate: "Asiako suitza", "Paradisua lurrean"... Gainera azafrana urrian loratzen denez, Srinagarren ikuspegirik ederrenetako batez gozatzeko parada izan dezakegu, mendi tontorrak elurturik egongo dira, eta Dal lakuan houseboat batean gaua egiteko aukera izango dugu, sikara batek alde batetik bestera garamatzan bitartean. Esperientzia paregabea zalantzarik gabe.