martes, 2 de febrero de 2010

ME, MYSELF AND I: HK & Macau

Azken hilabetean ez da mugimendu handiegirik izan. Hong Kong eta Macauko bisita alde batera utzita, Delhiko behelaino itxiak ez digu hiriburutik ateratzeko aukerarik eman. Eta atera garen aldi horietan ere atzeraldiz atzeraldi ibili gara, 5 orduko hegaldiak beharko lukeena 24 ordukoa eginez. Zer egingo diogu ba? Incredible India.

Joan den ostiralean (urtarrilak 22) joan ginen Hong Kong-era. Nola esan? Kolonia britaniar ohiei gustua hartu diogula esan liteke. Tamalez Indiak ez zuen oso ongi barneratu burokraziaren, organizazioaren eta fundamentuaren zentzua, baina garbi geratu zaigu britaniarrek ez zutela munduko alde guztietan horren lan txepela egin.

Hong Kong 1997. urtean integratu zen Txinan, baina oraindik autonomia erdi-demokratiko propioa daukala esan daiteke. Bere moneta dauka (HK Dolar), europearrek ez dute bisaturik behar, ez dago zentsurarik, eta neurri batean beraien agintariak aukeratzen dituzte.

Hirugarren mundutik iristen zarenean gehien harritzen zaituena hasiera batean, eraikuntza erraldoi horiek dira, eta tamalez prezioa. Baina pixkanaka hirian barneratzen hasten zarenean, beste hamaika gauzetaz konturatzen zara. Hasteko, ezagutu dudan hiri kosmopolitenetako bat dela esan behar dut, zaila litzateke New York-ekin konparatzea, baina ez dauka zertan inbidia handiegia izan beharrik. Mundu osoko jendez beterik dago, kaleak tabernaz, dendaz, eta sekulako giro apartaz. Gainera bertakoak, lokalak, ezagutu dudan pertsona adeitsuenetakoak dira. Bizitzera joateko moduko hiria.

Larunbatean lurreratu genuenez, zuzenean horren famatua den Hong Kong-eko gaugiroa ezagutzera joan ginen bertako ICEX-eko bekario eta lagunekin. Lan Kwai Fong-en hasi, Carnegies-era joan, "Flaming Lambhorgini"-ak gora eta behera... Ohartzerako uste baino diru gehiago xahutua geneukan. Baina pena merezi izan zuen bertako jendearekin nahastu eta Tailandiaz geroztik egin ez dudan farra on bat botatzeko.

Igandean, michelin izar bateko jatetxe batean jan ondoren, izarren pasealekura jo genuen. Egunero, arratsaldeko 20:00etan, Hong Kong uharteko eraikin guztiak bat egiten dute argiz eta musikaz sorturiko ikuskizuna eskaintzeko. Eta noski, guzti hau Bruce Lee handiaren estatuaren ondoan egiten badute, imajina dezakezue postala.

Astelehenean Macau-ren txanda zen. Macau ere kolonia izan zen 2002. urterarte, baina hau, Goa bezala, ez zen kolonia britaniarra izan, kolonia portugaldarra baizik. Egia esan, Hong Kong-ek alderatuz gero ez bestelako hiria, baina baditu berepuntu exotikoak ere. Hasteko, esan behar da, asiako Las Vegas deitzen diotela, eta aitor dezadan, ongi merezia dauka deitura hori. Legazpi osoa barrua sar zezaketen kasino tematikoz josirik dago. Guk noski, bat bakarra besterik ez genuen bisitatu, "Venice casino"...izugarria. Kasinoa kanalez beterik zegoen barrutik, abesten zijoazen gondolero eta guzti. Ikusi beharrekoa.

Baina denboraz nahiko estu genbiltzanez ez genuen apusturik egin, bueno, hori eta apustu minimoa 20€-koa zelako. Beraz hiriko erdigunea ezagutzera joan ginen, eta bapatean portugalgo edozein hiritan zeundela zirudien, bertako jendea, dendak eta jatetxeak ikusten zenituen arte.

Hong Kong-era itzuli eta berriz ere Lan Kwai Fong-eko bazterrak hobeto ezagutzera joan ginen.
.
.
.

Itzuliko naiz berandu baino lehenago. Bitartean Indiako sinestezintasunaz disfrutatzen jarraituko dugu. Ihauteriak berriz ere, Goan.

PD: Callejeros Viajeros omen dator aste hontan lagunak bisitatzera. Ea ez nauten tartean harrapatzen.