martes, 24 de noviembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Goa

Goa leku interesgarria da. Indiak 1947an lortu zuen independentzia, baina Goak, kolonia portugaldarra, ez zuen Indiarekin 1961. urterarte bat egin. Eta bertako lurrak zapaldu dituenak ulertuko du zergatik. Bertako hondartzak India osoko ederrenetakoak dira, eta egunak ia urte osoan zehar dira eguzkitsuak, monzoi garaian izan ezik noski.

Garbi dago hau ez dela herrialde bat kolonizatzeko aitzakia. Egia esan portugaldarrek ez zuten lur hau bere hondartzengatik mantendu nahi, bertako espezieen garraioagatik baizik.

Gauza da, 60. hamarkadan, Indian bateratu ondoren, Goa osoa hippiez josi zela, Rishikesh-en gertatu zenaren antzera, eta gaur egun oraindik hippie kutsu hori badaukala, nahiz eta turismo kapitalistak Goako inguru asko irentsiak izan.

Eta hantxe abiatu ginen zazpiko koadrila, Goako gutxien esplotaturiko aldera, Palolem-era, eta hondartzan bertan hartu genuen txabola moduko "hut"bat (500rs/gaua). Ez genuen probetsuzko gauza askorik egin egia esan, hondartzan paseatu, eguzkia hartu, masajeak... Baina bertako tiburoiak daztatzeko aukera izan genuen, eta egia esan espero genuena baino askoz zapore hobearekin topo egin genuen.

Festa ere ez da falta Goa-n. Nahiz eta alderik lasaienetako batean egon, estatu katolikoa denez (Portugaldarren herentzia), badira festarako aukerak, eta hara joan ginen "Silent noise" izeneko diskoteka batetara. 400rs ordaindu eta botoidun kasko batzuk ematen zizkizuten. Botoiak DJ desberdinak aukeratzeko ziren, eta hiru DJ desberdin entzun zenitzakeen, baina kaskoak erantziz gero dena isil isilik zegoen.

Igandean berriz Old Goa-ra abiatu ginen, eta Indiara etorri nintzenean "egin beharreko"-etako bat egin nuen, San Francisco Javier-en momia ikusi, euskalduna eta Nafarroako patroia.

San Francisco Javier 1542an iritsi zen Goa-ra Portugalgo erregeak bidalita, eta bertan eman zituen bere bizitzako urterik garrantzitsuenak misiolari gisa. 1952an hil zen Txinako Santxon uhartean, eta bertan hilobiratu zuten. Hala ere, Indiarrek bere gorpua berriz "etxeratu" nahi zuten, eta bere bila joan ziren hiru urte igaro eta gero. Beraien harridurarako, gorpuak ez zuen inolako ustelketarik jasan, eta miraritzat jo zuten. Gaur egun, gorpua Old Goako basilikan dago ikusgai 4 metro inguruko erretailu batean, eta 10 urtean behin jesten dute lurrera edonork gertutik ikus dezan. Argazkian ondo antzematen ez den arren, goikaldeko argi txikiak San Francisco Javierren burua ikusten uzten du.

Bidaia bertan amaitu zen, baina bueltatzeko intentzio garbia azaldu genuen guztiok, beraz ez da azkeneko bisita izango. Oraingoz Delhin jarraituko dugu hurrengo geltokiaren zain.

martes, 17 de noviembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Delhi, Goa, gabonak eta bestelakoak.

Bi aste daramatzat ia ezeren berririk eman gabe, baina egia esan ez da aparteko ezer gertatu hemen. Aparteko ezer diot, Delhiko egunerokotasunean noski, hau da, munduko beste edozein txokotan esperientzia guztiz subrealista-friki-psikodelikoa izango litzatekena.

Goarako egunak zenbatzen geundela bidaiatzeko beste bi asteburuk alde egin digute, eta Delhiren barrenak hobe ezagutzeko balio izan digu. Ohiko turismoaz gain, festak eta bestelako gertakari sozialetan parte hartu dugu.

Kuriosoa, gutxienez, asteburu hontan bizi izandako kontrasteak. Larunbat osoa Old Delhin igaro genuen, ehundaka jendez inguraturik, zikin eta txirotasun gordinenaz inguraturik, eta igandean berriz, Delhiko "jet set"-arekin bildu ginen "Garden of the 5 senses" delakoan kontzertu batzuk ikusten. Indian denetik ikusten da, pobrezia, aberastasuna... Baina garbi dago gutxiengo batek edozer lortzeko gaitasuna daukala (gu barne). Kontzertuak (musika elektroniko eta indioaren arteko fusioa) ikusten zeudenak atzerrian ikasitakoak ziren zalantzarik gabe, ingeles garbia hitzegiten zuten, eta 250 rupiako (3,5€) garagardoak edaten zitzaketen behin eta berriz.

Hala ere, aitortu beharra daukat, Indiako errealitatearen egunerokotasunetik irtetzeko modu ezinhobea dela, eta pare bat orduz besterik ez bada ere, indiarren artean atzerritar ez sentitzeak, sarrerarengatik ordaindu genituen 750 rupiak (12€) justifikatzeko balio du.

Adibiderako Frof Fest-en harritu gintuen taldeetako bat (Midival Punditz):


Eta gabonei dagokienez... Ba azkenean, askok honezkero dakizuen bezala, ez naiz etxera itzuliko. Horren ordez, Bangkok-erako hegaldia erreserbatu dugu 25 eguerdirako, eta gabonzahar gaua bertan igaroko dugu. Kontatuko dizuet nolakoa den esperientzia. Bitartean Indiaz disfrutatzen jarraituko dugu, asteburu hontan bai, asteburu hontan Goara goaz!!!!

martes, 3 de noviembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Srinagar, Sonamarg & Pampore

Eta osorik itzuli ginen Srinagar-etik, nahiz eta hortarako 8 segurtasun kontrol inguru igaro behar izan genituen hegazkina hartu aurretik, eta hala eta guztiz ere, irudipena daukat hegazkinean bonba bat sartzeko gai izango nitzatekela.

Azkeneko sarreran aipaturiko goitizen guztiak ez dabiltza bide okerretik Kashmir deskribatzerako orduan. Ez dakit munduko lekurik ederrena izango den, baina hala izateko hamaika arrazoi bururatzen zaizkit.

Larunbat goizean abiatu ginen Srinagar aldera, eta hasiera batean bertako militar dentsitateak beldur antzerako bat sorrarazi arren, Dal lakura iritsi bezain laister desagertu zitzaizkigun gure kezka guztiak. Shikara batean lakua gurutzatu ondoren, laku erdian geldirik zegoen Tehran izeneko Houseboat bat alokatu genuen, 70 urte inguruko agure baten esku zegoena, eta Monzoor izan zen gure zerbitzari hurrengo 3 egunetarako.

Larunbatean lorategi mogolak ikusi genituen, eta mezkita bat edo beste, baina goiz etxeratu ginen hurrengo egunak zekarrena kontuan harturik. Afari kashmirtarra eman ziguten (ederra benetan!), eta ohera.

Srinagar ingurua Musulmanen eskutan dago, eta gehiengo handi bat musulmana da, bere ondorio guztiekin, onak(gehienak) eta txarrak. Izan ere, goizero, 5ak inguruan, lakuko mezkitako hotsek esnarazten gintuzten, horduko erreguetarako. Ez zen gaitz haundia izan ordea, goizeko 6:30etan merkatu flotantea ikustera joan nahi genuen eta. Merkatua ikusi eta Houseboat-ean gosaldu ondoren, Sonamarg ingurura joan ginen, himalayaren magalean, ponian igo eta bertako glaziarrak ikustera.

Sekula ez nintzen horrelako leku altu batean izan (4500m), eta egia esan, poniak utzi eta goruntz beste 200m igotzen saiatu ginenean, inoiz ez bezelako nekea somatzen nuen oxigeno faltagatik. Baina goraino iritsi ginenean pena merezi izan zuela garbi geratu zen.

Urri eta azaroko hilabeteak azafrana loratzen den garaia dira. Kashmir-go azafrana munduko famatuenetakoa da, eta gramo bakarragatik 350 rupia (5€ inguru) ordaintzen dira(azafran zelaietan, tartekaririk gabe). Igande goizean zelai horietara joan ginen, bertakoek azafrana nola jasotzen zuten ikustera, eta aipatu beharra daukat sekula baino arrotzago sentitu nintzela momentu hartan. Guztiek, 200 bat lagunek, beraien lana alde batera utzi eta guri begira jarri ziren, mamu bat ikusi izan balute bezala, baliteke askorentzat okzidental bat ikusten zuten lehendabiziko aldia izatea.

Izan ere, houseboat-aren jabeak aipatu bezala, gaur egun ez da turista asko ikusten inguru horietan, eta hori oso gogorra da orain dela 20 urte diru iturri handiena turismoan zeukan herrialde batentzat, nahiz eta garai latzagoak igaro izan dituztela aitortu zigun. Bere esanetan, 1995-eko bahiketen ondoren 8 urte pasa omen zituen inongo atzerritarrik ikusi gabe, ezta bat ere. Hala ere, orain bi aste Srinagar granadekin eraso zutela ere aitortu zigun, beraz ez dakit gauzak diruditen bezai lasai ote dauden.

Gatazkei buruz ezin dezaket iritzirik eman. Badirudi orain Indiako gobernuak laguntza handiagoa eskaintzen diela Kashmir-go hiritarrei, eta azken hauentzat erlijioa garrantzitsua den arren, goseak pisu handiagoa du, beraz Indiako gobernuaren alde egiten hasi direla esango nuke. Hala ere, bazirudien bertako hiritarrek ez zutela rol konkreturik gatazka hartan, Pakistan eta Indiaren arteko zerbait zela soilik, eta Kashmiritarrak tartean zebiltzan pelele txotxongilo batzuk besterik ez.

Laburbilduz, bidai ikaragarria, edonori gomendatuko nioken esperientzia, eta esanak esan, beste edozein hiriburu eurupearretan baino segurtasun falta handiagorik sentitu ez nuen leku bat.