martes, 29 de septiembre de 2009

ME, MYSELF AND I: Rama

Bada garaia Indiari buruz hitzegitekoa.

Egia esan astebete daramat hemen eta dagoeneko etxean bezala sentitzen hasi naiz. Sarrera hau lehenago idaztea gustatuko litzaidake, baina ez da posible izan. Ordenagailu aurrean jartzen nintzen bakoitzean idazteko 5000 gai etortzen zitzaizkidan burura (trafikoa, behiak, jendea, ofizina, etxea, janaria, pobrezia, beroa, rickshaw-ak...) eta ezin nituen guztiak idatzi. Beraz, gauza bat egingo dut, hasierako inpresio horiek alde batera utzi eta egunerokoan murgilduko naiz. Badaukat denbora bestelako guztiaz hitzegiteko.

Has gaitezen beraz joan den asteburuari buruz hizketan. Azken 10 egunak Durga jainkosaren omeneko festez josirik egon dira, eta atzo astelehena azken eguna zen, Ramak Ravana garaitu zueneko eguna. Historia polita da, baina ez dut orain idatziko, sarreraren bukaeran idatziko dut eta irakurri nahi duenak irakurri dezala.

Gauza da astelehena jai zela eta beraz 3 eguneko asteburua. Oraindik ez ditudanez indiarrak besterik ezagutzen hemen, leku ezberdinetara eraman naute 3 egunetan.

Larunbatean Hiteshekin bildu nintzen, eta Delhiko zentrura joan ginen, lehenik taxian eta ondoren metroan (Oasis bat Delhi erdian). India Gate, Connaught Place eta Palika Bazaar ezagutu nituen. Azken hontan pare bat erosketa egiteko parada ere izan nuen, eta 8€ tristeren truke 2 alkandora eta Ipod-arentzako kable bat erosi nuen.

Egun berezia zen larunbata, cricket partidu garrantzitsu bat zegoen jokoan hego afrikan, India VS Pakistan. 7 orduko partidua, eta ia ia osorik ikusi nuen, goizeko ordubiak arte. Egia esan, kirol nahiko interesgarria da cricket-a behin bere funtzionamendua ulertutakoan.

Igandean Utpalen txanda zen. Loto tenplura sartzen saiatu ginen, baina itxita zegoen, eta tenplu hinduista bat erakustera eraman ninduen. Bizitzan izan dudan esperientziarik antihigienikoena baina era berean zoragarria. Kale estu batzuetan zehar eraman ninduen, zapatak eta galtzerdiak erantzi eta zikin artean eta ehundaka jenderen bultzaden artean tenplu barrura sartu ginen. Hura zen jendetza! Denak abesten, errezuka, bultzaka... Egun berezia omen zen eta Durga jainkosari erregaloak eramaten zizkieten. Ikaragarria.

Gero mall batetara joan ginen. Ikaragarria da Indian nola joan zaitezkeen txirotasun gordinetik paradisu guztiz kapitalista batetara 100 metrotan. Bertan afaldu eta etxera. Aipatu beharra daukat, nahiko txokantea baitzen, haur batek ia kilometro oso batean zehar jarraitu ninduela eskean, goxoki batzuk eman nizkion eta pozik joan zen. Baina umeak eske etortzearen exagerazio bat da hemen, eta ezin diezu guztiei eman, eta hare gutxiago dirua (Inoiz ez dute beraientzako gordetzen).

Astelehenean Atulyarekin irten nintzen. Berriz ere loto tenpluan sartzen saiatu ginen. Berriz itxita. Beraz Qutab Minar ikustera joan ginen. Hau ere izugarria. Arratsaldea bertan pasa eta etxera.

Harriturik utzi ninduen tipo batek, berarekin argazkia atera ote nezakeen galdetu zidanean. Dirudienez, herrixketako jendea ez omen dago jende zuria ikustera ohitua.

Norbaitek galdetuko du ea zergatik ez dudan juergarik egin. Ba erantzun erraza dauka. Ezagutzen ditudan guztiak indiarrak dira, eta indiarrak ez dira oso festazaleak.

Orain beste 3 eguneko lana daukagu aurrean, eta ostegunean Albisu etorriko da bisitan, apartamentu berrira joan, eta hurrengo egunean Varanasirako bidea hartuko dugu. Ea hura nolakoa den.

RAMAREN GARAIPENA

Rama erregea, hinduismoaren pertsonaia handienetako bat da, Vishnu jainkoaren zazpigarren reenkarnazioa. Ramayana, liburu sakratua, bere bizipenen bilduma bat da.

Istorio batek dio, Rama 14 urteko exilioan bizi zela, Sitarekin ezkondu zela. Kontua da, Ravana, rakshasas deabruen erregea, bere emazte berriaz maitemindu zela, eta bera eskuratzeko edozer egiteko prest zegoela.

Hala, eskale moduan mozorrotu zen, eta Sitarengana joan zen diru eske. Ravanak, Sita dirua ematera zihoan momentuan, eskumuturretik heldu eta hegan eraman zuen.

Ramak hitz eman zuen Ravana hil eta bere emaztea berreskuratuko zuela, eta 10 egunen barruan bere helburua lortu zuen.

Hamargarren egun hontan hain zuzen, Delhin Ravanaren hiru deabruren irudi erraldoiak erretzen dira, garaipen hura ospatzeko. Tamalez ezin izan nuen momentu hori ikusi, jendez betetzen omen delako, eta estanpidak eta horrelakoak gertatu ohi direlako.

3 comentarios:

Saioa dijo...

Jo Ibon!!!Ze interesgarria zure astea!!!benetan pila pozten naiz zu hain ondo ikusita!!!benetan, ez da batere errexa lehenengo astean etxean bezala sentitzea!!!
Hor aipatzen dituzun indiar guzti hoiek nundik atera dira?jajaja, nolatan ezautzen dittuzu?pensatzen det laneko jendea izango dela ez?jeje.
Beraz apartamentuz aldatzen zea...zer da zutzako bakarrik??earki!!!Asteburu hau ea nola juten zaizuen albisuri ta zuri!!!orain bi euskaldun juntatuko zeate, eta tartean festaren bat topatu ezkeo....zihur nau lenenak izango zeatela harea juten!jaja.
bueno artista horrela segi, eta pila disfrutatu!!gorentziak albisuri!!!
P.D: Zurekin argazkiak ateratzen direnei kobratzen hasi!jajaja,
P.D: Nun dare hemendik eraman zenitun gominola guzti hoi??ume bakoitzai bat eman ezkeo....gustoa!!jaja

Arantzegi dijo...

Apa motel!

Benetan harrituta uzten nazu istorio hoiekin. Pozten naiz, lagunak egin dituzulako eta etxean bezela sentitzen hasi zealako. Holako entrada gehio idazten badituzu blog hontan, Indiara juteko gogoa jarriko zait eta lan bila hasiko naiz hegazkin billetea erosi ahal izateko!!!!

Ta aber eunen baten hitz eiten deun Skype bidez eo!

Asier B. dijo...

Kaixo Ibon.

Gutxienez lau post hasi ditut erantzuna emateko baina denetan zer zer esan ez nekiela amaitzen nun, Saioaren erantzuna errepikatzea izango baitzen.

Beraz gauzak sinplifikatzeko hau baino ez det esango:

Pozten naiz zure erabakia ondo ateratzen hari zaizulako (momentuz...).

Pozten naiz amamine ez dezulako (gezurre, nos echaras de manos mucho. Baina gizon ausarta bezala ezeztatu ingo dezu ezta?).

Pozten naiz lagun berriak egiten hari zealako (kontuz jarraitzen dizuten ume horiekin ea baten bat maletan sartzen zaizun deskuidon eta Euskal Herrira ekartzen duzun bueltan, jajajajaaj)

Pozten naiz bertako kultura barneratzen hari zelalako (deskuidon tenplu horietako batean tifusa edo arrapauko dek oin hutsik ibiltzeagatik, baina hala ere bertako kultura barneratzea garrantzi handiagoa du, ajajaja)

Animo eta oparirik ekarri behar ez diguzunez, ea argazki dotoreak erakusten dizkiguzun gabonetan.

Ondo izan.

Zorte On.